ONCE Fundazioak haurrentzako liburutegia, gora joanIlusioa zabaltzen duten ipuinak

Aneta Poeta

Aurreko orria

© Testua Aneta Poeta: Eva Latonda © Irudiak: Maru García, 2011

Toteltasunari buruz

Hitz-egitea oso erraza dirudi normaltasunez egiten dutenentzat.

Dirudienez, dena hasten da gure burmuinean pentsamendu bat osatzen dugunean. Han bertan pentsamendu hori eraldatu eta ikasi dugun lengoaia bihurtzen da. Ondoren, aho, aurpegi, lepo, mihi eta eztarriko giharrei seinale bat bidaltzen zaie eta haiek mugitzen dira, hitzak osatuz.

Batzuetan, zerbaitek huts egiten du eta hitzak eteten dira, edo denbora gehiegi behar dute ahoskatzeko. Ura estropezuka ateratzen duen ITURRI baten antzekoa da, horregatik, zailtasun hori duten umeei zailagoa egiten zaie hitz egitea.

Kasu askotan, diagnostiko arin bat eta arreta goiztiarrarekin, zuzendu daiteke. Horretarako entrenatu beharra dago eta hor, guraso, lagun eta adituek eginkizun oso garrantzitsua dute.

Aneta ezagutzen duzunean, kontatuko dizuna oso interesgarria dela jakingo duzu.

Nire izena Aneta da. Idatzi eta idatzi egiten dut, poeta naiz eta.

Ongi etorri nire poesia-blogera, idazteak liluratzen nau eta teknologia berriei esker MUNDU GUZTIRA iristen naiz.

Poesia ez da hain zaila. Goiz euritsu bat, zuhaitz baten hostoen mugimendua... edota matematikako irakaslea, inspirazio-iturri izan daitezke.

Poeta izateko, ezinbestekoa da hitzekin errimak osatzen jakitea. Adibidez, maitasun hitzak handitasun, gozotasun edo miresgarritasun bezalako hitzekin osatzen du errima. Horrela jarraitu ahalko nuke denbora luzez, hitz ugari ezagutzen ditut eta. Hori da Francisco Belausteguigoitia Amorrortuk, Paco, nire logopedak, esaten duena, batez bestekoa baino azkarragoa naizela.

Aizu, datu hori apunta ezazu! (bada, nik dena errimarekin esaten dut).

Nire logopediako kide guztiak mutilak dira. Beraz, printzesa bat bezala tratatzen naute.

Bai, TOTELKA hitz egiten dut. Gogor entrenatu naiz nire isiltasunean ez itotzeko, nire jauzietan arreta ez jartzeko eta esan nahi dudana bakarrik esateko.

Toteltasunari hobeto egiten zaio aurre zure inguruan maite zaituen jendea duzunean.

Nire arreba María nire MIRESLERIK handiena da. Nire olerkiak eskolako karpetan itsatsita eramaten ditu, bere lagunek egiten duten bezala pertsona ospetsuen argazkiak jarri beharrean.

Batzuetan borrokatzen dugu, baina tira, horrek ere ideiak ematen dizkit. Pasa den urtean María marmartia izeneko poesia idatzi nion.

Uste dut ez zitzaiola gehiegi gustatu, baina aitak eta amak barre handiak bota zituzten eta noizean behin MARMARTI deitzen diote, baina txantxetan...

Azkenaldian poz-pozik nago bi gauza lortu ditudalako: lehenengoa, Pacoren izen osoa esatea, abizenak eta guzti!; bigarrena, klasean jende aurrean nire poemetako bat irakurtzea.

Ezagutzen al duzue totelka hitz egiten duen norbait? Historian, totelka hitz egiten zuten pertsonaia garrantzitsuak existitu dira. Horren adibide Ingalaterrako Jorge Erregea dugu, zeinak, aktore baten laguntzaz, jendaurrean hitz egiten ikasi zuen. “Erregearen hitzaldia” izeneko filma ikusi behar duzue, niri hunkigarria iruditzen zait. Aholku bat, totelka hitz egiten duen norbait ezagutzen duzuenean, nahiz eta zaila izan, utz iezaiozue esaldiak berari bukatzen, ados?

Hain dira handiak nire aurrerapenak, non jatetxeren batean bazkaltzera ateratzen garenean, nire aitak niri esaten baitit janaria eskatzeko. Beste eguneko zerbitzariaren aurpegia ikusi beharko zenukete... kar-kar! Hain zen atsegina, non ez baitzuen irribarrea kendu guztion janaria apuntatzen zuen bitartean... Eta tarte luzetxoa behar izan nuen, e? Primerakoa da behar bezain beste denbora uztea, txarto sentiarazi gabe.

Tira, blogeko argitalpenetan zuen iruzkinak ikustea espero dut. Eta olerki moduan badira, hobeto!

Eta zergatik?

Bada POESIA eta FANTASIA errima egiten dutelako!

Eta nik gauza biak maite ditut.

Amaiera

Hurrengo orria