ONCE Fundazioak haurrentzako liburutegia, gora joanIlusioa zabaltzen duten ipuinak

Aurora, Estaria

Aurreko orria

© Aurora Estaria testua: Eva Latonda 2010 © Irudiak: Maru García, 2010

Itsumenari buruz

Bazenekien gure burmuinak jasotzen duen informazioaren % 80 begien bitarteziristen zaigula? Horrek esan nahi du dituzun trebetasuneko asko ikusiz ikasi dituzula.

Harrigarria da, ezta? Ikusmenak zeregin oso garrantzitsua dauka gure bizitzan. Zer gertatuko litzateke ikusi ezingo bazenu edo zailtasunez ikusiko bazenu?

Itsumena ikusmen falta da. Erabat itsua izan zaitezke, edo zenbait forma eta koloreikusi. Itsu direnek beste zentzumenak gehiago garatzen dituzte, falta zaien hori orekatzeko. Ipuin honetan, Aurora ezagutuko duzu, eta imajinazioz eta ilusioz betetako neska dela ohartuko zara. Haren bitartez, benetako heroi bat ezagutuko duzu, bere kaxa moldatzeko gai dena.

Katu baten modukoa naiz, isiltasunez mugitzen naiz, inork ez daki non nagoen, etxeko zein lekutan nabilen…

Baina nik bai denak entzuten ditudala, hara! Inork baino belarri finagoa daukat… Aita haserretu egiten da ezkutatzen naizenean, baina nik primeran pasatzen dut.

"Mehe" nire itsu-txakurrari ere ez zaio batere gustatzen katu baten modukoa izatearena. Nik uste katuen eta txakurren arteko ezinikusi horrengatik dela.

Ez dakit nori bururatu zitzaion esatea ez direla elkarrekin ondo moldatzen, baina orduz geroztik etsai bihurtu ziren eta tontakeria hutsa da.

Bide batez, "Mehe" deitu nion lodi-lodi dagoelako.

Ni saiatzen naiz nire lagun onari buruan sartzen katuak epelak eta lausengariak direla.

"Begira Pirlo, Zezilia izeba zaharraren katua.

Ukitzen dudanean, ileak kilimak egiten dizkit hatzetan eta mihi barregarria dauka, latza eta txikitxoa. Barre izugarria eragiten dit."

Mehek kasurik ez du egiten, ordea. Baina katuen kontuan soilik, gainontzeko gauzetan inoiz egon den txakurrik onena eta manakorrena baita.

Begiekin ikusteko zailtasunak ditudanez, beste modu batera ikusten dut. Adibidez, zerbait ukitzean nolakoa den jakin dezaket, edo soinuak entzun... Imajinazioarekin funtzionatzen duen zinema berezi baten egotearen modukoa da, eta sekulakoa da.

Nik dena imajinatzen dut…Ama imajinatzen dut patatak saltsa berdetan egiten dituenean, egundokoak ateratzen zaizkio!

Irakaslea Alfontsoren atzetik korrika imajinatzen dut, nire klasean dagoen mutiko bihurri bat da. Ur-tantez kargatutako hodeiak eta eguzkiak berotutako ortzadarra imajinatzen ditut. Horrenbeste gauza imajinatzen ditut!

Baina gauza guztietan hobekien imajinatzen dudana aitonak eta biok igandeetan irratitik entzuten ditugun futbol-partiduak dira.

Izan ere, niri, animaliez aparte, kirolak izugarri gustatzen zaizkit, eta kirol guztien artean, futbola da gehien gustatzen zaidana, oso zirraragarria delako.

Partiduak daudenean, irrati zaharraren ondoan esertzen gara, elkarren ondoan estu-estu, pinguinoek egiten omen duten bezala hotz handia dutenean, eta arretaz entzuten dugu:

“ESKUINEKO HEGALETIK DOA, KONTRAKO JOKALARIA DRIBLATU, AREARA ERDIRATU ETA… GOOOOOOOOL!!!"..

Ufa! Hau zirrara! Aitona eta biok elkarri besarkatzen diogu eta alaitasunez salto egiten dugu, pinguinoek egiten duten bezala ekaitzaren ostean eguzkia ikusten dutenean.

“Aupa!” garrasi egiten dugu biok batera, eta amak horrenbeste ez oihukatzeko esaten digun arren, nik pentsatzen dut zeinen polita litzatekeen jendeak emozioz salto egitea nire ahotsa entzuten dutenean garrasika: "GOOOOL!"

Egia da oraindik txikia naizela erabakitzeko, nahiz eta 10 urte dauzkadan jada, aizue!, baina badakit nagusitan zer izan nahi dudan: irratiko esataria.

Partiduak irratitik emango ditut aitonarekin batera, eta benetako talde-lana egingo dugu. Berak zer gertatzen den esango dit belarrira, eta nik pasioz kontatuko dut mikrofonotik.

Batzuek ezinezko ametsa dutela pentsatzen dute, eta amore eman dezadan saiatzen dira. Orduan, nik ozen esaten diet, ahots argi eta garbiz:

"Ezinezkoa... sinesten dutenen helmuga da"

Eskolan entzun nuen esaldia behin, eta ez dakit zer daukan, baina esaten dudanean gustura geratzen naiz eta denak musu handia ematera hurbiltzen dira.

Eta orduan nabaritzen dut. Haien masailek, nirera hurbiltzean, nahi dudana egin dezakedala esaten didate, nire ikusmena askoz ere urrunago iristen delako. Nik horizonteaz haraindi ere ikus dezaket.

Amaiera

Hurrengo orria