ONCE Fundazioak haurrentzako liburutegia, gora joanIlusioa zabaltzen duten ipuinak

Natxo Pista, Tenislaria

Aurreko orria

© Natxo Pista Tenislaria: Eva Latonda 2011 © Irudiak: Maru García, 2011

Bizkar hezur bifidoari buruz

Bizkar hezur bifidoa bizkarrezurrari eta ornomuinari eragiten dien lesioa da. Badakizue, bizkarra zeharkatzen duten hezur-ilara hori, elkarrekin ondo itsatsita, eta horrek babesten dituen nerbio-hoditxoa eta likidoa... Bada, bizkar hezur bifidoarekin jaio diren umeak zailtasunak izan ditzakete ibiltzeko. Horixe da Natxori gertatzen zaiona, istorio honetako protagonista.

Natxo bizkar hezur bifidoarekin jaio zen, eta ezin ditu hankak ondo mugitu. Horregatik, makuluak erabiltzen ditu ibiltzeko. Lesio berdinarekin jaio ziren beste batzuek bestelako arazoak dituzte. Oinetako behatzen mugikortasuna gal dezakete edo gorputzaren zati handi batena, zauria bizkarrezurrean beherago edo gorago dagoen kontuan izanik. Horregatik, gurasoen, medikuen eta elkarteen laguntzarekin, bizkar hezur bifidoa duten haurrak beren gorputzera ohitzen dira eta ahalik eta probetxurik handiena ateratzen diote.

Eskolara doaz, irakurtzen dute, jolasten dira, filmak ikusten dituzte, margotu eta kirola egiten dute. Bai, kirola ere bai... Ikusi al dituzue noizbait joko paralinpikoak? Ba irabazle askok bizkar hezur bifidoa daukate.

Natxoren gurasoek bera jaio ondoren jakin zuten zenbaitetan bizkar hezur bifidoa prebenitu daitekeela, amak azido folikoahartzen badu haurdunaldiaren lehen hiru hilabeteetan behintzat.

Esku artean duzun ipuin zoragarri honekin, munduko guraso guztiei esan nahi diete.

Natxo dut izena eta tenisean jokatzen dut. Igeri egitea, matematikak, txokolatezko izozkiak eta ipuin-liburuak gustatzen zaizkit.

Bizkar hezur bifidoa daukat, badirudi landare baten arantza sartu zaidala oinean, baina ez. Gauza da bizkarrezurra lekutik atera zitzaidala, jaio aurretik bizkarreko hezurrak ez zirelako behar bezainbeste itsatsi, eta, horregatik, ezin ditut hankak asko mugitu.

Jaio bezain laster, bizkarrezurra operatu zidaten, eta baita burua ere, handiegia zelako. Orain, nahiko txikia daukat egia esan, baina aita txistezalea da eta Casper txiki deitzen dit oraindik, je, je.

Eta beno, kontuarekin jarraituz, operatu ondoren horrenbeste mugitzen nintzenez, denak izututa zeuden, pentsatzen zutelako min hartuko nuela. Baina nik uste, benetan, nire kirolari-karrera hasi nahi nuela.

5 urte bete nituenean, amari haren mediku lagun batzuek esan zioten niretzat eta nire bizkarrezurrarentzat onena zela “nire hazkuntza eta independentzia suspertzea”, eta orduz geroztik, gehiago mugitzen utzi ninduten eta gurpil-aulkidun tenisean jokatzeko eskoletan izena eman nuen.

Eta badirudi emaitza onak izan dituela, ni independentea naizelako, baina nire bizkarrezurra... are gehiago. Berezko bizitza eramatea gustatzen zaio, eta, horregatik, egun osoan kontrolatu behar dut egin behar duena egin dezan:

ni eskolara eramatea nire makuluen erritmoan, ikasgaiak aguantatzea AI! esan gabe, entrenamenduetan gurpil-aulkira egokitzea eta gauetan lo egiten uztea, besteak beste.

Partiduen aurretik, harekin hitz egin behar dut, ahalik eta gehien lagun diezadan: "Hara, bizkar (nik horrela deitzen diot), gaurko partidua oso zaila da, Mario Marcelo zerrenda-burua delako (horrek esan nahi du onenetakoa dela) eta esaten dute sekulako eskuinekoa duela, erraketak PUM! egiten du eta pilota hondoko marrara doa zuzenean... eta ea nork erantzuten dion horri”.

Bizkarrek arretaz entzuten dit, eta, gero, ulertu izango balu bezala aritzen da. Jokoaren erdian, mugimendu azkarra eta bortitza egin behar dudanean, aulkiaren kontra estutzen da, eta, horrela, pilota itzuli eta winner bat egiten dut (hau da... garaipenaren puntua).

Oraindik ez nago ranking nazionalean, hasi berria naiz eta. Nire ametsa joko paralinpikoetan parte hartzea eta domina bat irabaztea da, eta nire gurasoei eta Gela ahizpa txikiari dedikatuko nieke.

Nire gurasoei, benetako txapeldunak direlako eta domina bakarra ez, ehunka merezi dituztelako, eta nire ahizpari, ezer baino gehiago maite dudalako. Nire ostean jaio zen. Berak ez dauka nire arazo berdina. UFA, ez dakizue nola korrika egiten duen! Nire jarraitzailerik sutsuena da, lehiaketetan harmailetan esertzen da oso serio, hartz txikiari estu helduta, eta puntu bat irabazten dudanean, garrasi egiten du: Animo Naszo! (Naszo ni naiz) Benetan azkarra da! Etxean, nirekin esertzea gustatzen zaio, eta nire makulu urdinei heltzen die, hitz egiten dugun bitartean.

Nik gauero ipuin bat kontatzen diot, eta batzuetan, asmatzen ditut. Hobekien ateratzen zaizkidanak abenturazko istorioak dira, sorginkeria baten mende dagoen ahizpa salbatzera doazen printzeei buruzkoak.

Printzea ni naiz eta lasterka noa nire zaldian, printzesa salbatzera. Printzesa bera da, noski. Nire armarrian pilota eta erraketa bat dauzkat irudikatuta, eta herensuge bat ere badago. Ni ikustean, beldurtzen da... eta ospa egiten du korrika, inoiz ez itzultzeko.

Ahizpa txikiak liluratuta entzuten nau, nire istorioak izugarri gustatzen zaizkiolako... eta aurreko egunean, tenisean jokatzeko erabiltzen dudan gurpil-aulkian ikusi ninduenean, irribarrez esan zuen: aldia... haren hizkuntzan zaldia esan nahi du horrek.

Benetan maite dut, izugarri dibertigarria eta maitagarria da. Espero dut nagusitzen denean partiduetara joaten jarrai dezala, inork ez nauelako berak bezala animatzen. Jokalarientzat oso garrantzitsua da ikusleen txaloak eta animoak entzutea, eta familiakoak badira, are gehiago.

Ni gurasoen atzetik nago beti galdezka:

Noiz ekarriko duzue beste haurtxo bat etxera? Haiek elkarri begiratu eta irribarre egiten dute. Espero irribarre horiek esan nahi izatea erantzuna "Oso laster!" dela... ez baitago etxea ipuinak entzun eta anaia nagusiaren moduan tenisera jokatu nahi duten anai-arrebaz beteta edukitzea bezain gauza onik.

Amaiera

Hurrengo orria