© Testua Regina, sukaldeko erregina: Eva Latonda © Irudiak: Maru García
Gor-itsuak zuk bezala entzun eta ikusten ez duten pertsonak dira, modu ezberdin batean egiten dute. Erraz antzeman ditzakezu, identifikatzeko makil gorria eta zuria erabiltzen baitute. Baina, ez pentsa, guztiak ez dira Athleticekoak!
Nahiz eta hori iruditu, gor-itsutasuna ez dute osatzen bi desgaitasunek; desgaitasun bakarra da, berezitasun propioekin.
Batzuk gabezia honekin jaiotzen dira. Beste batzuk, pixkanaka-pixkanaka galtzen doaz zentzumen bi hauetako bat. Kasu bietan, ezaugarri komuna komunikatzerako orduan daukaten zailtasuna da. Horregatik, mbitartekari bat behar dute hori egiteko. Eskuen bitartez, bitartekariak bere inguruan gertatzen den guztia transmititzen die, lagundu eta aholkuak ematen dizkie eta horrela, hauteman ezin dituzten sentsazioak hobeto identifikatu ahal dituzte.
Regina ume gor-itsua da eta komunikatzeko zailtasunak izan arren, bere inguruan mundu zoragarria sortu du. Ezagutu nahi duzu?
Kaixo adiskideak, ni naiz Regina, sukaldeko erregina!!!
Ezagunek horrela deitzen naute. Nahi al duzue jakin zergatik?
Galiziako baserri batean bizi naiz, nire gurasoekin, eta bertan behitegi bat daukagu. Horrelako leku batean bizitzea estimulu bikaina da, bizitzaz beteta dagoelako. Kontua da nire ikusmena eta entzumena ahultzen joan direla. Nire gainontzeko zentzumenak, ostera, bizkortzen joan dira. Usaimena, dastamena eta ukimena...
Inoiz pentsatu duzue mundua usaindu, dastatu eta sentitzen dela?
Nire ikusmena itzali baino lehen, lasai asko egiten nuen korrika baserritik. Horregatik txoko guztiak gogoratzen ditut, ikusten ez ditudan arren.
Nire inguruan dagoen guztia aprobetxatu egiten dut ikasteko, munduarekin lotuta nago: ihintza, loreak, barraskiloen lirdinga, euria...
Esate baterako, amak esekitzen dituen izaren usainak hegoak banitu bezala sentiarazten nau. Haien artean salto egiten dut, haizeak nire masailak laztantzen dituen bitartean.
Beste sentsazio bitxi bat aitaren eskalapoiak ukitzea da, lokatzez eta behien gorotzez beteta daudenean. Troll baten mukia dela imajinatzen dut.
Komunikazioa oso beharrezkoa da. Jende gehienak hitzak erabiltzen ditu.
Nik keinu-hizkuntza eta ukipen-sistema alfabetikoa (hau da, esan nahi dudana nire eskuekin letreiatzen noa) erabiltzen dut. Agostiño da nire bitartekaria eta bera izan zen niri eta nire familia osoari, noski, irakatsi ziguna.
Baina horrez gain, oso sortzailea naizenez, sukaldea ere erabiltzen dut aditzera emateko. Horregatik deitzen didate “sukaldeko erregina”.
Genoveva, nire amona, sukaldaria zen eta usain, testura eta zaporeak irakatsi dizkit. Hain da dibertigarria irina, ogi birrindua, barazki edo olioarekin nahasian ibiltzea...
Ezegonkor sentitzen naizenean, amonari laguntza eskatzen diot eta sukaldean sartzen naiz “salda galiziarra” prestatzeko. Zoriontsu sentitzen naizenean, “Santiagoko tarta” egiten dut.
Eta norbaiti maite dudala esan behar diodanean, olagarro on bat prestatzen dut, “galiziar erara”.
Janaria prestatzeko pazientzia handia eduki behar da, talentu pixka bat, munduko maitasun guztia jarri eta ahalegintzeko gogo handiak izan. Amama “Genok” esaten zuen: “egizu lana eta izango duzu jana”.
Horregatik ahaleginak egiten ditut errezetak ikasten jarraitzeko eta nire blogean idazteko. Badakizu? Braille sistemara moldaturiko ordenagailu bat daukat.
Egunen batean gastronomia munduan erreferentzia izango naiz. Gustu abenturazalea dudanez, munduan zehar ibiliko naiz, zapore berrien bila, nire jarraitzaileekin konpartitzeko.
Bazenekiten Australian krokodilo-hanburgesak jaten dituztela?
Amaiera