© Rosalia Espioia testua: Eva Latonda © Irudiak: Maru García, 2012
Zenbait umek entzuteko zailtasuna daukate, hau da, ezin dute entzumenaren zentzua erabili beste umeek egiten duten bezala. Batzuk horrela jaiotzen dira Beste batzuei, geroago agertzen zaie, hainbat arrazoiren ondorioz.
Zenbait kasutan, audiofono edo inplante koklearrak erabiltzen dituzte entzuteko. Eta komunikatzeko, batzuek zeinu-hizkuntza erabiltzen dute, eta beste batzuek, berriz, ahozko hizkuntza.
Hau Rosaliaren istorioa da, neska gor oso sortzailea. Edonolako enigmak ebazten ditu, benetako espioia izango balitz bezala.
Ezagut ezazu, eta bera bezain adoretsua izaten ikasiko duzu...
Bada, gaur ez nago inspiratuta, ezin izan dut Mili Isilikegon andereñoa despistatu... Beti aurkitzen dut nirea egiteko amarruren bat, baina gaur...
Kasu hau gero eta zailagoa da, baina zaila benetan.
Ikaskideek eta nik esku hartzea erabaki genuenetik, nire espioi hutsezinaren senarekin berehala sumatu nuen ikerketa hau konplikatua izango zela.
Aspaldidanik ohartu gara irakasleak kezkatuta zeudela. Bat-batean, egoerak ustekabeko norabidea hartu zuen.
Ezpainak irakurtzen dakidanez, 12:00etako jolastorduan Faustino Golondrino musika-irakaslearen eta Luz Degas zientzia-irakaslearen arteko elkarrizketa kezkagarri baten berri izan nuen.
Zergatik dakidan ezpainak irakurtzen? Erraza. Jaiotzetik gorra naiz, eta ezpainak irakurtzen ikasi dut, jendea hobeto ulertzeko.
Ezpainak irakurtzea itzelezkoa da, baina pixka bat konplikatua ere bai. Begiekin entzutearen modukoa da. Ezpainen mugimenduari arretaz begiratu behar zaio, pertsonak hitz egiten ari direnean. Eta ni benetan bizkorra naiz horretan.
Gainera, esaldiak eta soinuak entzun ditzaket nire audiofonoari esker. Badakizue, belarrian daramadan gailutxo hau.
Tekniken konbinazio estrategiko horrekin eta nire intuizioarekin, espioi bikaina naiz.
Bai, badakit pixka bat sasijakintsua naizela, baina zer egingo diogu, izugarri gustatzen zaizkit espioi-liburuak.
Gatozen berriz elkarrizketaren kontura, hori baita interesatzen zaiguna orain... Irakasleen ezpainak irakurrita, jakin izan nuen gure eskola txikia nekazaritza eta abeltzaintzako industrialari bati salduko ziotela, eta artifizialki gizendutako oiloen abeltegi bihurtu nahi zuela...
Ondo informatu nintzen horrek zer esan nahi zuen, eta izugarria da!! Gure "adimena" ikasgaiekin "loditu" beharrean, animalia gaixoen "gorputzak gizenduko" zituzten...
Ikaskideei aurkikuntza ikaragarri hura kontatu nienean, ezin zuten sinetsi.
Denok pentsatu genuen gurasoek eta irakasleek ezer egiten ez bazuten, guk geuk egin beharko genuela. Horrela, “Lagunix Ordena” sortu genuen.
Eta hementxe nago, kultura eta jakintza defendatzeko iraultza sekretu honen buruan...
Gure estrategien artean, zeinu-hizkuntza ere erabiltzen dugu, ikaskideei irakatsi diet eta. Zeinu-hizkuntza oso erabilgarria izan da ezkutuan komunikatzeko.
Horrela, nire ezagutzei esker, isilpean mugitzeko aukera ematen digun espioitza-sistema sortu dugu.
Jakin izan dugu Mili Isilikegon andereñoak urteak daramatzala eskolaren kontrola bereganatzen, inork jakin gabe. Berari ez zaizkio umeak gustatzen.
Ez dauka imajinaziorik, eta mundu guztia tristea eta aspergarria izan dadin nahi du. Horregatik itxi nahi du eskola.
Ez du lortuko, ordea… Ez daki nor daukan aurrean. Rosalia espioia naiz. Azken misioan, traidorea dela adierazten duten agiriak aurkitu ditut. Guraso eta irakasleei emango dizkiet, eta Mili geldiarazteko erabili ahal izango dituzte.
Kasua erabat ebazten dugunean, nire espioitza-metodoa hobetzera dedikatuko naiz, etorkizunean aurkitzen ditudan bidegabekeria guztiak konpontzeko.
Abentura paregabe horretan nirekin abiatu nahi?
Amaiera